Azken bi urteetan, Jaso Ikastola Erasmus + programan murgilduta dabil, ikasleen esperientziak aberastu nahian. Proiektu honen baitan, Hungariako Kodaly Zoltan ikastetxean izan ziren gure ikasleak, joan zen ikasturteko maiatzean, 12 ikaslerekin eta, horregatik, joan zen astean hungarriarrek bisita bueltatu ziguten.

Ikasle hungariarrak, Udaletxeko atarian.

Haien helburua ikastolako musikalaren estreinaldiko aurreko egunetan lana nola egiten genuen ikustea izan da, prozesuak nola ematen diren ikasiz; eta, bide batez, Euskal Herriko hainbat txoko ezberdin bisitatuz.

Jasotako 11 ikasleren bisita oso esperientzia aberasgarria izan da gure ikasleentzat. Alaine Primiciaren hitzetan “oso esperientzia polita ari da izaten, eta Hungariarrak oso atseginak dira”. Leire Jasok ordea “beste leku bateko lagunak egiteko ikaragarrizko aukera” dela azpimarratu du.

Egitarau betea

Ikasle hungariarren programa intentsoa izan zen oso. Apirilaren 22an iritsi, eta 23an bertan Jaso ezagutu eta ikasleekin murgildu ziren musika klaseetan. Arratsaldean, lehen aldiz, musikalarekin harremanetan hasi ziren eta entsegu orokor bat ikusteko aukera izan zuten. Haien irakaslea Marta Zuborak hala esan zigun: “Uau! This has been an intense and amazing experience, they sing and dance very well!”

Asteazkenean, Baluarte antzokia bisitatu genuen. Bertako tripak ezagutu eta agertokiko arduradunak, Natxo Basterretxeak, barrutik nola funtzionatzen zuen azaldu zigun. Ikastolara buelta eta akrobaten entseguan koreografia nola garbitzen zuten ikusteko parada izan genuen.

Ostegunean, Iruñeko Udaleko Koldo Martinez zinegotziaren harrera izan ostean, Jasoko ikasleek prestatutako freetourrari ekin genion. Sarasateko Foruen monumentua, entzierroaren ibilbidea, Zitadela, Gaztelu plaza, Nafarroako artxibategia eta alde zaharreko kaleak zeharkatu ostean, nola ez, Beatrizeko garrotitoak dastatu zituzten (bakoitzak kilo bana eraman du bueltan Budapestera).

Ingurua ezagutzen

Ostiralean, kostaldera hurreratu ginen gure hiru ikasle gidari zituztela, Donostiara, hain zuzen ere. Bertako pintxoak probatu, kresal usaina ezagutu (askorentzat lehen aldia zen itsasoan) eta San Telmo museoan euskal kulturaren errepaso polita emateko parada izan genuen. Egun intentsoa. Eta Nafarroako hegoaldea ezagutzeko txanda, larunbatean. Familiekin batera, Bardeak-Erriberri-Uxue ibilbidea egin genuen. Bertako produktuak dastatu genituen eta Nafarroako paisaia aldakorrekin liruratuta geratu ziren. “Amazing experience” esaten zuen haien Drama irakaslea den Csaba Uhrin irakasleak.

Igandean, azkeneko eguna zuten Iruñean, eta musikaleko azken entsegu orokorrean burubelarri aritu ziren. Nekeak jota bazeuden ere, orkestra, eszenografia, bestuarioa eta nola ez kantak eta dantzak ITSAS-7 istorioan nola uztartzen ziren ikasi zuten.

Maiatzean talde berri batekin hasiko dugu elkartrukea haiekin berriro ere, eta ziur gaude, berriro ere, esperientzia ezinhobea eta aberasgarria izango dela hango zein hemengo ikasleentzat.