Euskal Herriko Mendi Federazioak bere sorreraren mendeurrena ospatu du. Milaka mendizale ditugu Euskal Herrian. Milaka ateratzen gara, ahal dugunean, gure mendiek eskaintzen dituzten parajeez gozatzera. Tontor xumeak, isolatuak, txikiak eta apenaz ezagunak, zein gailur erakargarriak, mitologiaren magiaz blaituta daudenak atsegin zaizkigu. Metroak neurtzen ditugu batzuetan, haraino igotzeko kilometroak bestetsuetan, urratsak, izerdiak, inguruan dauden herriak, bideak, ikuspegi ezinezkoak. Dena da zoragarria.

Goiznabarrean altxatu eta maldan gora hasteak dakarren plazerak ez dauka konparatzerik. Isiltasunaren laztanarekin mutu abiatzen gara oinez, basoen arnas ilunak besarkatzen gaituen bitartean. Gorago eguzkiaren lehen printzek harrapatu eta benetan esnatuko gaituzte. Goiko haize finak gure birikietan barneratuko da, arnas berriak sortzeko.

Azken erpinean beteta sentituko gara, eta gure begiek ez dute oztoporik topatuko hodeiertzaren mugaraino. Han, puntaren puntan, pozik sentitzen gara. Besterik ez dugu behar. Mendiak ematen digun bakea baino ez dugu sentitu nahi.

Bada, duela aste pare bat antzeko sentimenduak izan dituzte zazpi herrialdeetan aukeratutako 100 tontorretara igo ziren mendizaleek, Euskal Herriko Mendi Federazioaren urtebetetze berezia ospatzeko antolatu diren ekimenen barruan. Mendi horietan guztietan ehun mendi talde baino gehiagotako ordezkariak izan ziren, pozarren, gure zazpi probintzietako kulturan sakonki erroturik dagoen mendizaletasuna ospatzeko. Arthanolatze, Aketegi, Artzamendia, Erlo, Baigura, Jaizkibel, Balerdi, Puttarri, Udalatx, Hernio, Okabe, Adarra, Andarto, Gorbea... mendietara eta gehiagotara igo zen mendizale andana bat.

Mendiak bertan daude eta guztiak dira ederrak. Gainera, herri bakoitzean izaten da mendi elkarte bat, astebururo inguruko mendietara abiatzen dena, jende jatorra biltzen duena, mendi-martxak, edota hitzaldiak, film emanaldiak eta abar antolatzen dituztenak.

Besterik ez dugu behar, gure zaletasuna eta mendiak eta ingurunea babestu, bertan barne-gozamena tai gabe eskuratu ahal izateko.